Jakin badakigu joko mota ezberdin asko daudela eta batez ere, heziketa fisikoko irakasleek hauen arteko bereizketatan adituagoak izaten direla. Horregatik joko mota baten inguruan hasiko naiz, honetarako aukeratu dudan joko multzoa zera da, joko kooperatiboena
Ikasketak burutzen joan naizen heinean joko mota hauenganako izan dudan iritzia aldatzen joan da, hasieran, lehen ezagutu nituenean mundu berri bat ezagutzea bezalakoa izan zen. Berehala gogoratu nuen ni eskolako ikasle nintzela zein garrantzia txikia eman zitzaien eta honek nahiko sumindu ninduen. Izan ere, niretzat gaur egungo bizitza beharbada lehiakorregia da, ez dugu guztion arteko indarrak behar den bezala biltzen ikasi eta honek eragin zuzena dauka gizakiak egiten duen akzio orotan. Honetaz aparte badu eragina beste gauza garrantzitsu batean, hots, gizakiaren jarreran hain zuzen. Hezkuntzan jardungo dugunoi ez liguke bakarrik interesatu behar etorkizuneko langileak izango direnen eraginkortasun laboral eta ekonomikoek, hauek izango dituzten giza-harremanetarako gaitasunak eta batera lan egiteko onuragarriak izan daitezkeen ezaugarriei ere erreparatu beharko geniela deritzot.
Aitortu behar dut joko (gure iazko irakasle baten arabera ez da guztiz zuzena “jolas kooperatiboak” erabiltzea) hauekin obsesionatu egin nintzela beharbada eta betiko ohizko joko zein jolasak maila baxuagokoak zirela pentsatzen hasi nintzela. Azken finean, nire lehengo ikuspegiaren arabera batak-bestearen aurkako joko hauek gure barneko agresibitate eta indibidualismoa areagotzen zuten. Nik klaseak ematea lortzean, aspaldiko hainbat joko lehiakorren ordez joko kooperatibo batzuk sartuko banituzke seguruenik emaitza gehienak positiboak izan behar zirela pentsatzen nuen.
Gero eta konfidantza handiagoz sinesten nuen hau nire ikuspegia aldatzen hasi zenean. Irakasle batek hiru joko klasetan banatu zituen guztiak, aitortu zigun ez zela ikuspegi unibertsal bat gakoa ulertzeko modu bat baizik. Banaketan jokoak honela sailkatu zituen: lehiazkoak, kooperatiboak eta indibidualak. Indibidualen alde positiboak berehala ulertu nituen, bakarka garatzea bizitzan ezinbestekoa den beste gauza bat baita. Kooperatiboekin ere niretzat oso positiboak ziren baloreak lantzen ziren: elkarrekintza, elkarri laguntzea, denok batera hobetzea, helburu komun bat bilatzea… eta azkenik lehiakoetara heldu ginenean aurpegi pesimista jarri nuen, gaur egungo hainbat arazoren zeharkako errudun balitz bezala. Irakasleak argi eta astiro azaldu zigun, seguraski urteetan zehar larregi erabili izan den joko multzoa izan den arren ahaztu behar ez den taldea osatzen dutela argi utzi zigun, izan ere berak esan zuen bezala: “lehia guztiz naturala da”. Gainera, beste joko taldeek bezala, beste taldeek eskaintzen ez dituzten ezaugarri eta aurrerapen positiboak jartzen ditu erabiltzaile ororen esku.
Hau guztia azaldu ondoren zera esan nahi dut, orain ikuspegi pixka bat objektiboago batetik ikusi arren nahiko joko kooperatibozalea izaten jarraitzen dudala eta horregatik landuko dudala honi buruzko zerbait nire blogean bertan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario